XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Sabelianismoa
Modalismoa adierazteko beste izena, III. mendean hori irakatsi zuen Sabelio-rengandik datorrena, hau jotzen bait dute * modalismoaren sortzailetzat.

Hirutasuneko hiru pertsonak Jainko bakarraren agertzeko hiru modu soiltzat ulertzen zituen. Ik. Hirutasun txit santua.

Sampacirc;dhu
Aszeta hinduen ohorezko izena da.

Gizartetik at, eskean eta noragabean bizi dira normalean.

Ez dute ilea mozten ez bizarra kentzen; eta gehienak erdibiluzik ibiltzen dira.

Makila, limosnak jasotzeko katilua eta agian * arrosarioa dituzte beren ezaugarriak. Ik. Eskekotasuna.

Saduzearrak
Judutar * sekta erlijiozko-politikoa, farisearren aurkakoa, eta Jesukristoren garaian Jerusalenen eta bereziki bertako jauretxean garrantzi aparteko zuena.

Apaiz nagusi Zadok-en (2 Sm 8,17) baitan zuen bere jatorria nonbait (hortik beraien izena ere); horien artetik ateratzen ziren gero apaiz nagusiak. Ik. Apaiz nagusia.

Politikaren aldetik, erromatar agintariekin konpondu-zaleak ziren; gizarte-mailan, aberatsek eta aristokratek osotzen zuten gehienbat sekta; erlijio-alorrean, kontserbakorrak ziren, Moiseren * legeari bere horretan zorrozki atxekirik, eta * farisearren adierazpenak baztertuz.

Ez zuten hilen * piztuera onartzen.

Erromatarrek Jerusalen birrintzean suntsitu zen saduzearren sekta.

Sagarapena
Orokorki harturik, zerbait edo norbait Jainkoaren gurtza edo zerbitzurako ipintzea da.

1. Sin.: Opalkuntza; Eskaintza. Adiera zabalean, norbaiti, gauzaren bati, egiteren bati, lekuren bati edo aldiren bati zentzu erlijiozko edo gurtzazko berezia ematea da.

Jainkoari edo santuren bati berariz eskainiz edo opalduz.

2. Sin.: Donespena. Sagarapena errito apartekoa da sarritan, sagaratua edo donetsia (lekua, laguna, gauza, etab.) gurtzarako edo Jainkoaren zerbitzurako bereizten eta nolabait eremu profanotik ateratzen duena, sagaratuari izaera berri bat emanez.

Horrela * eliza, * aldarea, aldareko ontziak, apaiza (apezpikua), etab. sagaratu edo donetsi egiten dituzte.

Apezpikuena * apezpikugintza edo kontsakrazioa esaten da.

3. Sin.: Sagara; Mezerdikoa. Horrela deritza bereziki eukaristiaren edo * mezaren ospakuntzaren erdiguneko erritoa, ogia eta ardoa Kristoren gorputz eta odol bihurtzen direnekoa, fede eta teologia katolikoaren arabera.

Ik. Bedeinkapena; Sakratua / Profanoa; Mezerdikoa.

Sagarapena, elizaren
Ik. Elizaren sagarapena.

Sagarra
Bi gauzen sinboloa da: a) tankera esferikoa duenez, unibertsoa eta osotasuna adierazten ditu; Jesus haurra eskuan sagarra duela irudikaturik agertzen da sarritan; b) bestalde, gizakiaren irrika lurtiarren eta * grinei jareitearen sinboloa da; horiek menperatzeko zentzua du sagarra ez jateko aginduak.

Horren arabera, jatorriko bekatuaren sinboloa da sagarra; Ebaren eta Adanen bekatua debekaturiko sagarra jatea izan omen zen. Ik. Jatorrizko bekatua.

Sagrarioa
Sakramentu txit santua gordetzen deneko tabernakulua, armairutxoaren itxurakoa gehienetan.

Ekialdeko Elizan arthophorion deitzen dute grezieraz. Ik. Tabernakulua.

Saihestua
Ik. Bereiztiarra.
Saivismoa
Ik. Xivaismoa.

Sakonaren sakona
Kristau-hizkeran, Jainkoaren asmoen eta * jakinduriaren ikertezina adierazteko erabiltzen da. Ik. Misterioa, 4.